Abadiñoko Industrias Alga S.A. enpresak izandako azken lan-istripua salatu du ELAk

2021/07/02
ELAk gogor salatu du atzo, uztailak 1, Abadiñoko (Bizkaia) Industrias Alga S.A. enpresan gertatutako lan-istripu berria. Langile batek istripu larria izan zuen manipulatzen ari zen makinan behatz bat harrapatuta geratu zitzaiolako. Ondorioz, ospitalera eraman behar izan zuten eta ebakuntza egiten ari zaizkio. Sindikatuak ziurtatu duenez, enpresako lan-istripuen gorakadak zerikusi zuzena du lan-baldintzen eta instalazioen narriadurarekin eta lan-erritmo handiegiekin, bai eta laneko osasunaren arloko ez-betetze orokorrekin ere.

Era berean, sindikatuak deitoratu egin du zuzendaritzak erantzukizun-falta larria egin izana, ez baitie gertakariaren berri eman prebentzio-ordezkariei, istripuaren txostena egiteko orduan egon daitezen.

ELAk azpimarratu du istripu larri hau ez dela kasu isolatu bat; izan ere, 2021etik hona hainbat langile eraman behar izan dituzte ospitalera hatzak moztu edo zapaltzeagatik. "Ez da kasualitatea hilabete gutxiren buruan zuzendaritzak segurtasun neurriak hartu izan balitu ekidin zitezkeen eta ekidin behar ziren lan istripuak gertatu izana. Enpresa langileen osasunarekin eta bizitzarekin jolasten ari da", azpimarratu du.