Durangoko Kiroldegia

Akordioa lortu dute zazpi hilabeteko grebaren ondoren

2023/09/21
Durangoko Kirol Zerbitzuko langileek asanblean onetsi dute Udalaren azken proposamena. Hori dela eta, zazpi hilabeteko grebaren ondoren, urriaren lehenean itzuliko dira lanera, zerbitzuak ohiko legez eskaintzeko. Monitoreen laguntza zerbitzua une oro izatea lortu da, baita zuzendutako jardueren ordu kopurua handitzea ere, besteak beste. Gainera, zerbitzua ikuskatzeko eta bermatzeko batzordea osatuko da.

20 bat langilek osatzen dute kiroldegiko plantilla, eta orain zazpi hilabete, euren lan baldintzak okertzen zituen lizitazioaren berri izan zuten. Esaterako, lan orduak murriztu nahi ziren, subrogazioa ez zen plantilla osorako bermatzen, zerbitzuak hiru enpresen esku uzten ziren, zerbitzua gutxi eta okertu egiten zen... Horren aurrean, grebara jotzea erabaki zuten.

Geroztik hainbat bilera egin dira, hainbat atzerapauso eta aurrerapen, eta azkenean, Udalaren ikasturte berriko proposamenak langileen aldarrietako asko jaso ditu. Hala nola, lortu da fitness aretoko monitoreen laguntza zerbitzua une oro berrezartzea, baita jende gehien dabiltzan orduetarako errefortzu bat izatea ere. Gainera, mantentze prebentiboa bermatuko da, makineria zaintzeko eta konpontzeko. Oso garrantzitsua da honakoa:  zuzendutako jardueren ordu kopurua handituko da, eta jarduera bakoitzerako ikasle ratio egokia kontuan hartuko da.  Era berean, hilero batzorde bat sortuko da zerbitzuaren funtzionamendu egokia ikuskatzeko, eta bertan inplikatutako alderdi guztiek beharrezko balorazioak egingo dituzte, hala izan dadin.