Akordioa Ermuko kiroldegiko igerilekuan

2019/06/25
Ermuko IMDren igerilekuetan lan egiten duten langileak greba mugagabean egon dira maiatzaren 22tik lan baldintza duinen defentsan. Azkenik, azpikontratatutako enpresak (Aiteko), Udalak eta ELAk hainbat bilera egin eta gero, gatazkari amaiera eman dion akordioa lortu da ekainaren 24an. Horrenbestez, greba mugagabeari amaiera eman zaio.

Akordio horretan jatorrizko plataformako aldarrikapen gehienak biltzea lortu dute: lan erreformaren aurkako klausulak; KPI +%2ko soldata igoera 2019ko urtarriletik hasita; urteko lanaldia 20 ordutan murriztea; ikastaroak prestatzeko denbora lanaldi gisa konputatzea, etab.

Azken urtean sektore honetan lortu diren beste hainbat akordiorekin gertatu den bezala, honetan ere garaipena posible izan da langilegoaren mobilizazioari eta etengabeko borrokari esker. "Langileok lehen unetik batuta mantendu gara  eta beti izan dugu oso garbi garaipena borrokaren bitartez lortuko zela", baieztatu dute.