Aurreakordioa Inyectados Gabi eta Galter lantegietan

2018/11/21
15 eguneko greba igaro ostean, lehen hitzarmenaren aurreakordioa erdietsi dugu Zaldibarko Inyectados Gabi, S.A. eta Galter, S.L. enpresekin. Aurreakordioak hauxe barneratzen du, besteak beste: %2ko soldata igoera 2018. urterako; %2ko soldata igoera 2019. urterako, KPI-aren bermearekin; plusen igoerak eta 200€ gehiago aparteko ordainsariei dagokienez.

Halaber, aurreakordio honek hobekuntzak barneratzen ditu baimen eta lizentzien arloan. Horrez gain, enpresak konpromisoa hartu du mutuekin ez kontratatzeko aldi baterako ezgaitasunen kontrola eta jarraipena, gaixotasun arruntetatik eratorriak direnean.

ELAk hauxe azpimarratu nahi du: hitzarmen kolektiboak erdietsi du lan erreformaren aplikazio eza, eta, ondorioz, enpresak ezin ditu alde bakarrez aldatu edota aplikaziorik gabe utzi soldatak eta hitzarmenaren edukiak. Hala, lanpostua babesten da, enpresak ezingo baitu langilerik kaleratu aldi baterako ezgaitasun egoeragatik.

Are gehiago, hitzarmenak barneratzen ditu ultraaktibitate mugagabea, bai eta Estatuko hitzarmena ez aplikatzea ere.

Inyectados Gabi,S.A eta Galter, S.L.ko langileek irakaspen handi bat eman digute: antolakuntza eta borrokaren bidez hitzarmen kolektibo duinak lortu daitezkeela. Hala, sindikatuan lanean jarraitzen dugu lan erreforma hutsaren hurrengoa izan dadin Euskal Herrian. Aipamen berezia egin nahi genieke Zaldibarko herritarrei: eskerrik asko grebalariei emandako babesagatik, zuen babesa eta berotasuna ezinbestekoak izan dira hitzarmena erdiesteko.

Azkenik, ELA sindikatuak hausnarketa hauxe egiten du, beste behin ere: bai gobernuak, bai patronalak, behin eta berriz aipatzen duten egoera ekonomikoa hain ona bada, bada garaia hitzarmenen edukiak egoera ekonomiko horren mailara hel daitezen. Laburbilduz, hitzarmen kolektiboak behar ditugu, langileek beraiek sortzen duten aberastasunaren banaketa justua bermatuko duten hitzarmenak, hain zuzen ere.