Bermeoko garbitzaileek 140. greba eguna izan dute pairatzen duten soldata arrakalaren aurka

2022/02/03
140. greba-egunean, Bermeoko (Bizkaia) eraikin eta lokalak garbitzeaz arduratzen diren langileak, udalak azpikontratatutako zerbitzua, kalera irten dira berriro, bide-garbikuntzako lankideen aldean pairatzen duten soldata-arrakala salatzeko. 11:00etan abiatu den manifestazioan gogorarazi dutenez, emakumeak dira nagusi eta urtean 15.943,20 euroko soldata gordina jasotzen dute; kale-garbiketan aritzen diren langileek, ordea, -gehienak gizonak- 25.189,79 euroko urteko soldata gordina jasotzen dute. Hau da, bi kolektiboen artean 9.246,60 euroko aldea dago. ELAk dei egin dio Udalari, azpikontratatutako zerbitzu horren azken arduraduna baita, gatazkaren konponbidean esku har dezan.

Sindikatua kexu da udalak udaz geroztik ez duelako bilerarik egin nahi izan. Horretarako, azpikontratatutako zerbitzua dela argudiatu du, eta, beraz, ez dela bere erantzukizuna. Hala ere, ELAk eta enpresek argi dute Udalaren inplikazioa ezinbestekoa dela gatazkari amaiera emateko.

Bermeon egin den mobilizazioan, IMQ, Guggenheim eta Gorlizko garbitzaileek ere parte hartu dute, horiek ere borrokan ari baitira soldata-arrakala ezabatuko duen hitzarmen kolektibo baten alde.