Bermeoko Udalak uko egin dio orain dela 132 egun greban diren garbiketa zerbitzuko langileekin biltzeari

2022/01/26
ELAk salatu du Bermeoko Udalak (Bizkaia) uko egiten diola herriko garbitzaileekin biltzeari, irailaren 27tik greba mugagabean bide garbiketako lankideekiko duten soldata arrakala desagerrarazteko, azken horiek urtean 9.246,60 euro gehiago kobratzen baitituzte. Udalak dio ez dagokiola bitartekari izatea. Garbiketa-zerbitzua azpikontratatuta dagoela eta, ondorioz, ez dagokiola. Hala ere, ELAk eta zerbitzua kudeatzen duen enpresak beharrezkotzat jotzen dute Bermeoko Udalarekin akordioa lortzea konponbide bat lortzeko. Ostegunean, otsailaren 3an, langileek manifestazioa egingo dute herrian, Udalaren arduragabekeria salatzeko.

ELAk gogorarazi du Udala dela gatazka honen erantzule zuzena, garbiketako kolektibo feminizatua azpikontratatzea erabaki baitu, baina sektore maskulinizatua publiko mantentzea, horrek bi kolektiboen artean soldata arrakala sortzen duela jakinda. Izan ere, eraikin eta lokalen garbiketa zerbitzuan, non gehienak emakumeak diren, urteko oinarrizko soldata 15.943,20 eurokoa da. Kale garbiketan, aldiz, ia guztiak gizonak dira, eta urteko oinarrizko soldata 25.189,79 eurokoa da, kalean lan egiteagatiko plusak kontuan hartu gabe.

Gainera, udalak erabaki du ematen duten zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatu baten esku uztea, kudeaketa horren gaineko inolako kontrolik egin gabe, eta inolako neurririk hartu gabe, enpresa pribatuek langileen lan baldintzak arautzen dituen plegua betetzen ez zutela jakinarazi zaienean.

Era berean, ELAk salatu du Bermeoko Udalak ez duela langileen grebarako eskubidea errespetatzen, garbitzaile berriak kontratatzen baititu, hori guztia garbiketa inoiz baino garrantzitsuagoa denean, pandemia baten erdian gaudelako.

Gauzak horrela, sindikatuak udalari eskatu dio erreferentziatzat har ditzala osasun eta hezkuntza garbitzaileak, dagokien estamentuen -Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren- aitortza baitaukate, erakunde horiek hitzarmen propioa sinatu baitzuten beren langileen arteko soldata arrakalak saihesteko.

ELAk ere gauza bera lortu du hainbat udaletan: Durangon, Zornotzan, Ermuan, Zaldibarren, Elorrion...