Bi kaleratzeen aurka Durangaldean deitutako Bizkaibuseko grebak erabateko jarraipena izan du

Enpresa-batzordeak gogorarazi duenez, Avanza taldeak Arratiako, Durangoko eta Bilboko lineak kudeatzen dituen Bizkaibus zerbitzuaren ardura hartu zuenetik, enpresak murrizketak, baldintza-aldaketak eta doikuntzak egin ditu, zerbitzua okertuz. Gainera, egoera hori larriagotu egin da, bi langile kaleratu baitituzte. Gauzak horrela, ELAk murrizketak eta kaleratzeak bertan behera uzteko eskatu dio enpresari, eta, aldi berean, Bizkaiko Foru Aldundiari neurri egokiak hartzeko eta kaleratzeak ekiditeko deia egin dio. "Diru publikoarekin ari dira murrizketak egiten eta langileak kaleratzen, eta Aldundia da erantzule nagusia, zerbitzuaren arduraduna baita".
Halaber, langileen egoera gertutik ezagutu arren, Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko Garraio diputatuak gatazka konpontzeko borondaterik ez duela salatu du sindikatuak. Hala ere, greba-deialdiari esker, hainbat talde politikok Batzar Nagusietako enpresa-batzordea hartuko dute, sindikatuek hala eskatuta.