Bizkaiko Arrain Kontserba eta Gazituen alorrean mobilizazioek jarraitzen dute

2018/10/30
Urriaren 30erako deitu diren mobilizazioak (elkarretaratzeak Bermeoko kontserba enpresen aurrean) benetako konfrontazio egoera baten hasiera behar dute izan sektorean, eta ezinbestean greba egun oso bilakatu beharko dira. Soldata igoera garrantzitsuak, aplikazio bermeak, lanordu murrizketa, baimen ordainduetan hobekuntzak, lan erreformen aurrean blindajeak eta sektorean nagusitzen den prekarietatea ezabatze bidean jarriko duen lan hitzarmena eskatzen du ELAk.

Mahai negoziatzailea hamazazpi aldiz bildu ostean, egoeraren azterketa egiteko unea da.

Pasa den uztailean, ELA beste sindikatuei zuzendu zitzaien, negoziaketa prozesuari buruzko gogoeta helarazi asmoz. Guretzat, patronalak ezartzen zuen blokeo egoera soilik mobilizazioen bitartez apurtu zatekeen eta batipat greba egun osoen bitartez. Egun, berdin pentsatzen dugu.

CCOO, LAB eta UGT uda ostean, ordurarte generaman plataforma bateratutik irten ziren.

Harrezkero, sindikatu hauek bi proposamen aurkeztu dituzte euren eskakizunak jeitsiz soldatetan, kontratazioen finkotasunean, baja egoeren konplementuetan, mutuei dagokienean, etab. Patronalak aldiz, hurrengo bileran erantzungo omen dio azken bileran aurkeztu zen proposamenari. Gaur egun, patronalak KPIko soldata igoera bermatzea eta egungo hitzarmena bere gabezi larriekin mantentzea soilik eskeintzen du. Benetan, onartezina.

Beste sindikatuek, euren proposamenarekin alde batera uzten dituzte inaplikazio klausula (adostutakoa betetzea), malgutasunari limitazioak ezartzea, urteko lan jardunaldiaren murrizketa (lan eta bizitza pertsonalaren kontziliazioa errazteko eta enplegua sortzeko), etab.

ELAren aburuz patronala oso eroso dago, ez baitzaio interesatzen egun dagoen posizioetatik mugitzea. Serioski borrokatzera behartzen gaitu egoera honek, benetan sektore honetak lan baldintzak duintzea lortu nahi badugu. Argi geratu da, nahiz eta sindikatu batzuk eskariak malgutu nahi izanda ere, patronala ez dagoela prest adostasun batetara iristeko.

Honengatik guztiarengatik, plataforma bateratuaren aldeko apustua berresten dugu. Guretzat edukiak bezain garrantzitsuak dira hitzarmena betetzeko bermeak. Izan ere, kontuan izan behar da sektoreko bi enpresatan gertatua, hitzarmenaren indarraldian egonik ere: adostua ez da bete eta hitzarmenaren inaplikazioaren saiakera egin da. Gure eskua luzatzen jarraitzen diegu beste sindikatuei, batu daitezela plataforma bateratura, gure eskubideak modu eraginkorrean defendatu ahal izateko. Urriaren 30erako deitu diren mobilizazioek (elkarretaratzeak Bermeoko kontserba enpresen aurrean) benetako konfrontazio egoera baten hasiera behar dute izan sektorean, eta ezinbestean egun osoko greba bilakatu behar dira.

Sektoreko enpresek irabazi izugarriak pilatzen jarraitzen dute, langilegoaren eguneroko lanari esker. Ordua da gure lankideak kontzientziatu, antolatu eta hortzak erakusteko, Martxoaren 8an greba feministan egin genuen bezala, hitzarmen duin bat lortzeko eta egiazko aberastasun banaketa egon dadin. Borrokan jarraituko dugu hitzarmen duin baten alde. Soldata igoera garrantzitsuak izango dituen hitzarmena, aplikazio bermeak, lanordu murrizketa, baimen ordainduetan hobekuntzak, lan erreformen aurrean blindajeak eta sektorean nagusitzen den prekarietatea ezabatze bidean jarriko duena.