EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak gaixotasun profesionaltatzat jo du sorbaldako tendinitisa

2021/05/20
ELAk irabazi egin du, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren maiatzaren 11ko epaian, Gernikako Calzada zahar egoitzan erizain laguntzaile baten aldi baterako ezintasun-prozesuko lanbide-gaixotasunaren deklarazioa, sorbalda tendinitisak eragindakoa.

 

Sindikatuaren Lan Osasuneko Gabineteak azpimarratu nahi du epai honek duen garrantzia; izan ere, berretsi egiten digu sektore soziosanitarioan arazo muskulueskeletikoei buruzko prebentzio neurri gabezi haundia dagoela eta hauek detektatzeko, prebenitzeko eta salatzeko jarraitu beharreko bidea hau dela.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren irakurketatik ondorioztatzen denez, ezinbestekoa da enpresak, bere prebentzio-zerbitzuaren bitartez, lanpostu bakoitzerako lan-arriskuen ebaluazio egokia behar bezala erabiltzearen beharra, Prebentzio Legeak eskatzen duen bezala, langileek dituzten arrisku guztiak identifikatzeko eta, dagoen arrisku-maila behar bezala ebaluatu ondoren, langileen gaineko kalteak saihesteko beharrezkoak diren babes- eta prebentzio-neurriak proposatzeko. Arazo muskulueskeletikoen kasuan, kalte hori larria eta iraunkorra bihurtu daiteke gainera.

Horretaz gain, nahiz eta gaixotasun profesional hori zahar egoitzetako langileentzat ez dagoen espezifikoki onartuta 1299/06 Errege Dekretuan (lanbide-gaixotasunen gaineko koadroa ezartzen duena), epai horrek hurrengo hau ezartzen du: «... langilearen lanbidea sartu behar da lanbide-gaixotasunen koadroak deskribatzen dituenen artean, (1299/06 Errege Dekretua), mugimendu errepikakorrak eta besoen erabilera etengabea eskatzen baititu ...».

Eta epaiak honela jarraitzen du esaten: «... ondorioz, langileak sorbaldan duen patologia -espinoso gaineko tendinitisa- gaixotasun profesionalen zerrendan sartzen da, eta langilearen lanpostua -erizaintzako laguntzailea- patologia hori sor dezake...».

Halaber, epiak honakoa ezartzen du; 1299/06 Errege Dekretuko jardueren zerrenda ez dela itxia, eta hortaz ez dela "numerus clausus" bat, baizik eta EDak jarduera nagusiak bakarrik biltzen dituela adibide gisa.

Beraz, epai hau oso modu positiboan baloratu behar dugu; izan ere, aukera ematen du jarduera-sektore honetan eta beste batzuetan ere gaixotasun profesional gisa aitortzeko mugimendu errepikakorrek, gainkargek eta gehiegizko esfortzuek eta, oro har, eskuzko kargen manipulazioak eragindako trastorno eta kalte muskuloeskeletikoak, orain arte benetan zaila baitzen EDan jaso gabeko lan-jarduerekin lotzea.

Horren erakusgarri da, hain zuzen ere, Bilboko 6. zenbakiko epaitegiak lehen auzialdian emandako epaia. Epai horretan, lanetik eratorritako patologia hori ez zen aintzat hartu, eta mutuak adierazi zuen hezurraren gaitza zela, ez zela artikulazioarena eta degeneratiboa zela gainera, eta langileak bere jardueran ez zuela mugimendu errepikakorrik egiten. Halere, azkenean, epaian frogatuta geratzen da erizaintzako laguntzaileak bere eginkizunen artean «...esfortzuko postura-lanak egiten dituela, gaixoen gorputzak mugitzeko, garbitzeko, janzteko eta abar ...». Epaiak, horrela, egiaztatzen du pisuen gainkargak edo lanpostuan postura behartuak egiteak, eragindako mugimendu errepikakorren ondorioz, bateragarriak direla diagnostikatutako patologiarekin eta ez dagoela lanetik kanpoko beste elementurik lesioa arrazoiz azal dezakeenik.

Azkenik, ELAk zoriondu egin nahi du salaketa honen bidez hain aurrekari garrantzitsua sortzea eta bere osasunari egindako kaltearen lan-jatorria aitortzea lortu duen langilea.

Hori funtsezko elementua izan behar da sindikatuaren jardunean, kalte muskulu-eskeletikoak, kalte larriak, kasu askotan iraunkorrak, prebenitzeko. Izan ere, kalte horiek behin-betiko ezintasunak eragiten dituzte, eta haien lan-jatorria askotan ez da onartzen. Horrez gainera, behingoz, zenbait enpresa, sektore eta Mutuetan identifikatu ohi dugun praxi txarrarekin amaitzeko ezinbesteko tresna bihurtu behar da.

Gainera, jurisprudentzia mota honen bidez zuzenagoa den legedi baten garapena bultzatzeko eta laneko benetazko baldintzak hobetuko dituen laneko arriskuen prebentzio egokia bermatzeko, ezinbestekoa da langileak Mutuara joatea lanaren ondoriozko arazo muskuloeskeletikoak sortzen direnean eta, hasieran ezezkoa eman arren, horrelako kalteak kontingentzia profesional gisa onartzea lortzea. Are gehiago, behin-betiko ezintasun bat ekar dezaketen eta segurtasun-neurrien falta nabarmena egon den kasu larriagoenetan, prestazioetan errekargu bat izan beharko bailukete.

ELA sindikatuak lanean jarraituko du bere koadro, teknikari eta militanteekin batera, laneko segurtasun eta osasunaren arloan oraindik pendiente dauden erronka garrantzitsuei aurre egiteko, eta, zehazkiago, arlo honetan bokazio praktiko eta espezializatu batetik abiatuta.