ELAk soldata-arrakala ezabatzeko bidean, %26ko soldata igoera adostu du Ermuko Udaleko kirol instalazioetako garbikuntzan

Mobilizazio eta greba egun askoren ondoren, Ermuko Udaleko (Bizkaia) kirol instalazioetako garbitzaileek %26ko soldata igoera izango dute, ELAk Udalarekin lortutako akordioari esker. Gauzak horrela, 16.000 euro baino gutxiagoko soldata izatetik 20.000 eurora pasatuko dira langileak. Sindikatuak nabarmendu duenez, gizonek sektorean egiten dituzten beste lan batzuekin alderatuta emakume garbitzaileek pairatzen zuten soldata-arrakala ezabatzeko lehen urratsa da.
ELAk langileak zoriondu ditu lortutako akordioagatik, eta beste sektore batzuetan ere eredu izatea espero du, hala nola Guggenheim Museoan, Gorlizko Udalean, Bermeoko Udalean edo Deustuko Unibertsitatean, sindikatuak mobilizatzen eta grebak deitzen jarraituko baitu soldata-arrakala desagerrarazteko. “Borondatea badago, berdintasunezko eta diskriminazio gutxiagoko lan-harremanak lortzeko urratsak egin daitezke”, azpimarratu du sindikatuak.