ELAk Elorrioko Udala salatu du greba-eskubidea urratzeagatik

2019/07/10
Elorrioko udal-eraikin eta lokaletako garbikuntzako langile gehienak greba mugagabean daude apirilaren 29tik; eta joan zen uztailaren 5ean greba-batzordeko kideek greba egiten ez duen lankide bat aurkitu zuten grebalari bat ordezkatzen. Gertakari larri hori dela-eta, sindikatuak demanda bat jarri du, Eulen eta Elorrioko Udalaren kontra grebarako oinarrizko eskubidea urratzen ari delakoan, bai langileei dagokienez, bai sindikatu dei-egileari dagokionez.

ELAk eta grebalariek gatazkan zehar salatu izan dutena agerian geratu da gertakari horren bidez: enpresa eta Elorrioko Udala bera greba-eskubidea indargabetzen saiatzen ari dira, grebaren eragina ezkutatzen eta akordioa oztopatzen. "Horretarako, beren esku dituzten guztiak erabili dituzte; baina sektore horretako langileen antolamendu eta borroka duinaren bidez garaipen sindikal eta sozial handi bat lortuko da" adierazi dute grebalariek.