ELAk garbitasuneko gatazka bideratzeko borondatea erakutsi dezala galdatzen dio Elorrioko udalari

2019/09/05
ELAk udalari galdatzen dio gatazka bideratzeko borondatea agertu dezala behingoz eta emakume langile hauek pairatzen duten genero arrazoiagatiko soldata arrakalarrekin amaitu dezala. Era honetan, herriko haurreskolaren zerbitzua lekuz aldatzeko erabakia juridikoki aztertuko duela iragartzen du.

Elorrioko udaletxeko eraikin eta geletako garbikuntzako 15 langile emakumek 129 greba egun gauzatu dituzte dagoeneko. Mobilizazioaren aldarrikapen nagusia, balio berdineko zereginak gauzatzen dituzten langile gizonezkoekiko pairatzen duten soldata arrakala ezabatzea da. Alabaina, azpikontrata honen arduradun nagusia, Elorrioko udala hain zuzen ere, eskaera hauei erantzun serio bat emateari uko egiten ari da, jokaera erabat arduragabearekin gatazka luzatzen eta greba hau desaktibatzeko etengabeko saiakerak gauzatuz.

Bere ardura bere gain hartu eta langileekin adostutako irtenbide bat bilatu ordez, udalak lan saila presionatzeko hautua egin du, honek zerbitzu minimoak gehitu ditzan beste behin ere garbitasuneko langileen greba eskubidea erasotuz.

Testuinguru honetan, ELAk, Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza izan arren, komunikabideen bidez izan du herriko haurreskolaren zerbitzua lekuz aldatzeko erabakiaren berri; erabaki hau juridikoki aztertuko du sindikatuak, hala badagokio dagozkion legezko neurriak hartuz. Haurreskolak, udalaren arduragabekeriagatik beharrezko baldintzak betetzen ez baditu, dagokiona haurreskola itxitzea da familiei kuotak itzuliz eta bertoko langileen soldata zein gainerako lan eskubideak errespetatuz.