bizkaibus

ELAk langile baten aurkako beste eraso bat salatu

2024/02/28
Avanza Durangaldeko Bizkaibuseko gidari batek salaketa jarri du Ertzaintzan otsailaren 22an Atxondon jasotako mehatxuengatik. Egun hartan, Bizkaibuseko gidariak abiadura moteldu behar izan zuen ibilgailu bat aurrean jarri eta abiadura nabarmen murriztu zuelako. Autobuseko gidariak berriro martxan jartzeko eskatu zionean, autoko gidaria keinuka hasi, eta autobusaren atzetik joan zen ohiko geldialdia egiten duen guneraino. Bertan, autotik atera eta autobuseko gidaria mehatxatu zuen. Mehatxuen larritasuna ikusita, langileak salaketa jarri zuen.

ELAk dio egoera horiek zama handia direla horrelako erasoak aldian-aldian jasaten dituzten profesionalentzat. Sindikatua kexu da enpresetako batek ere ez duelako arriskua gutxitzeko mekanismorik jarri, ezta areagotzen ari diren eraso horien aurrean, laguntza emateko giza baliabiderik ere.

ELAk zuzenean esku hartzeko eskatu die administrazioei eta, kasu honetan, Bizkaiko Foru Aldundiari. Egoera horren berri ere emango du sindikatuak Aldundiarekin martxoaren 7an egingo duen bileran.