ELAk Stef Iberia S.A.U enpresa salatu du, lan-osasunaren arloko arduragabekeriengatik

2020/04/21
ELAk salaketa jarri du Bizkaiko Lan Ikuskaritzan, Bizkaiko Lan Ordezkaritzan eta Osalanen, Amorebieta-Etxanoko STEF enpresan gertatzen ari den egoera larriagatik; izan ere, laneko arriskuen prebentzioari buruzko legea urratzen ari da, Covid-19 pandemiak eragindako larrialdi sanitarioaren testuinguruan.

ELAk enpresako prebentzio zerbitzuak egindako txostenak betetzea eskatu du. Txosten horiek onartzen dute kutsatzeko arrisku handiena duten langileak beren egoerarekin bat datozen lanpostuetan birkokatu beharko liratekeela, gaixotzea saihesteko. Gainera, lanpostu batzuetarako oraindik ez da enpresako prebentzio-zerbitzuaren txostenik egin, eta hori onartezina da.

Egoera horretan, enpresako zuzendaritzak ez die kasurik egiten bere prebentzio-zerbitzuak egindako txostenei, eta kutsatzeko erabateko arriskua duten postuetan mantentzen ditu pertsona horiek. ELAren iritziz, langileen osasuna lehenetsi behar da konpainiaren interes ekonomiko-produktiboak baino lehen.

ELAk eskura dituen baliabide guztiak erabiliko ditu kutsatzeko arrisku handiena duten langile horien lan-osasuna bermatzeko, eta, nola ez, langile guztien osasuna bermatzeko.