CECOSA

Eroskiren Elorrioko biltegiko langileek greba egun gehiago egingo dituzte abenduaren 20tik 25era

2023/12/15
Aste honetako abenduaren 11tik 15era egindako grebak erabateko jarraipena izan du. Langileek eskatzen dute Bizkaiko Elikadura Hitzarmena aplikatzea. Oso lan baldintza kaskarretan dihardute. Biltegiaren azken katebegian egiten dute lan zama handiekin, eta estatuko hitzarmena aplikatzen zaie.

Bost greba egun arrakastatsu egin dituzte Elorrioko Eroskiren produktu ez-galkorren biltegian; gaurkoa aste honetako azkena. Eroskik azpikontratatuta du Cecosa enpresa estatuko iparraldeko hainbat eskualde hornitzeko, eta bertako 130 bat langileek, asko arrazializatuek, bat egin dute grebarekin. Gaur, esaterako, piketeak ere egin dituzte biltegiaren atarian. Horregatik, ELAk, gehiengo nabarmena duen sindikatuak (ELA 6, LAB 3), oso positibotzat jo ditu lehen mobilizazio egunak.

Oso lan baldintza kaskarretan dihardute. Biltegiaren azken katebegian egiten dute lan zama handiekin, eta estatuko hitzarmena aplikatzen zaie. Ondorioz, lanbidearteko gutxieneko soldatatik gertuko jornalak jasotzen dituzte, jaieguneko edo txandakako lana konpentsatzeko plusik gabe, besteak beste.

CECOSA enpresarekin bilera egin zuen asteazkenean sindikatuak, baina oso eskaintza eskasa egin zuenez (adibidez, atsedenaldiak benetako lan denboratzat hartzea onartu zuen), langileek asanbladan erabaki dute mobilizazioekin jarraitzea: abenduaren 19tik 25era egingo dute greba. Euren helburua da Bizkaiko Elikadura Hitzarmenaren lan baldintzak lortzea.