Elorrioko garbikuntzako langileek euren soldata %20 igotzea lortu dute bost hilabeteko grebaren ostean

2019/10/07
Eraikin publikoetako garbikuntza zerbitzua azpikontratatuta du Udalak. Erdietsitako akordioak kategoria eta lanaldiak hobetzen ditu, lanaldi partzialak hobetzen ditu eta soldata arrakala txikitzen du.

Lan-baldintza duinen alde apirilaren 29tik greban izan diren Elorrioko eraikin publikoetako garbikuntzako langileek gatazkari amaiera eman dio akordioa lortu dute Udalarekin. Akordioak langileek egindako hainbat aldarrikapen aintzat hartzen ditu, besteak beste, honako hauek: lan-karga handiari aurre egin ahal izateko lanaldiak luzatzea, kategoria igoerak, lanaldi partzialak hobetzen ditu, etab. Guztira, langileek kolektiboaren soldata %20,76 igotzea lortu dute.

Akordioa posible izan da langileen mobilizazio eta borrokarako gaitasunari esker. Azpimarratzekoa da langileen arteko batasuna, hasieratik argi izan baitute garaipena borrokatuz eskuratuko zutela.

Langileek ELAri eskerrak eman dizkiete jaso duten babesagatik. Bereziki azpimarratu nahi izan dute erresistentzia kutxak eskaini dien sostengu ekonomikoa, 5 hilabetez jarraian borrokan jarraitzeko aukera eman dien tresna. Ildo beretik, hainbat delegatu eta ordezkari sindikalen aldetik jasotako elkartasuna ere eskertu nahi izan dute, baita herritar askok erakutsi dieten babesa ere, besteak beste, Gaztetxeko gazteena.

ELAren eta langileen ustez garaipen hau soldata arrakalaren aurkako borroka argia da. Zentzu horretan tamalgarria iruditzen zaio bost hilabetez luzatu behar izana gatazka bidezkoak ziren lan-baldintzak eskuratu ahal izateko. “Argi dago Administrazioak azpikontratatutako esparruan grebak ezinbestekoak direla, hain zuzen, azpikontratazio sistemak berak bultzatzen dituen miseriazko baldintzak gainditzeko”, baieztatu dute langileek.

Ildo horretatik, ELAk aurreratu du soldata arrakalaren kontrako borroka beste eremu batzuetara zabalduko duela. “Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbikuntzako emakumeek ireki zuten bidea, 9 hilabetez greban izan zirenak, eta orain beste asko izango dira bide beretik joko dutenak. Garaipenaren hasiera baino ez da hau”, gehitu dute.