Ermuko EAJk Microdecoko langileei presioa egin die euren baldintzak okertuko lituzkeen enpresaren proposamena onar dezaten

Maiatzaren 16an igorritako ohar batean, EAJko udal batzordeak Microdecorekin negoziatzeko bilera bat egin behar zela aipatu zuen, langileek balizko bi inbertitzaileek egindako proposamenaren alde bozkatu dezaten, beti ere, beharginek planteamendu horren nondik-norakoak ezagutzen ez dituztenean.
Sindikatuak ohar hori enpresa batzordearekin eta ELArekin aurrez harremanetan jarri gabe igortzea leporatu dio udal taldeari, "alderditik gertu dauden enpresarien interesak bakarrik defendatuz". Izan ere, sindikatuak salatu duenez, balizko bi inbertitzaileek, EAJtik oso gertu daudenek, ia enpresa osoarekin geratu nahi dute bi milioi euroren truke, enpresako hitzarmena bertan behera utzi nahi dute, eta soldatak % 18 jaitsi nahi dituzte 5 urtean, hau da, 5 milioi euro inguru. "Horretarako xantaia proposatzen dute: edo hartzekodunen konkurtsoa edo baldintzak onartzen dira. Hau al da enpresa eredu berria? ", dio ELAk. Gatazkatik kanpo mantentzea ere leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. "Ez al du ezer esateko langileak pairatzen ari diren xantaiari buruz?".
ELAk gogorarazi du batzordeak hainbat bilera egin dituela inbertitzaile berrien ordezkariarekin, enpresak duen likidezia-arazo koiunturalari irtenbideak planteatzeko, baina azpimarratu du gutxieneko berme batzuk egon behar direla, behin arazoa gaindituz gero, langileak hasierako egoerara itzuli ahal izateko. "Baldintzak behin betiko galtzea ekarriko duen proposamenik ez dugu onartuko", azpimarratu dute. Ermuko EAJri presio handiagoa egitea leporatu diote, urte eta erdiko abandonu instituzionalaren ostean. "Ez diegu ezer entzun urte eta erdi honetan, langileak enpresaren kudeaketa txarraren ondorioak jasaten ari baitira. Isilik geratzen dira gaizki eta berandu kobratzen dutenean, lanera joan arren abenduko nomina eta aparteko ordainsaria kobratzeari uzten diotenean, eta berriz ere isilik geratzen dira enpresak adostutako ordainketa-egutegia ez betetzea eta martxoko eta apirileko nominak ordaintzeari uztea erabakitzen duenean ".
Sindikatuak berretsi du Microdekok likidezia arazo bat duela epe laburrean, atzerriko lantegietan egindako inbertsioek eragindako zorra dela eta, eta, salatu duenez, erabaki horrek ekoizpenaren zati bat deslokalizatzea ekarri du, Ermuko langileei kalte eginez. "Enpresa errentagarria da, zuzendaritzaren kudeaketa txarragatik zaila den egoera batean", gaineratu du.