Greba mugagabea Foseco Española, S.A. enpresan

2018/07/03
Foseco Española, S.A. enpresak Izurtza eta Igorren dituen lantegietako langile asanbladak greba mugagabea deitu du. Enpresa Batzordearen bitartez deitu dute greba (ELA, LAB eta plataforma independente batez osatua denak). Uztailaren 5ean hasiko den grebaren helburua lanpostuak mantenduko dituen eta etorkizun industriala bermatuko duen bideragarritasun plana lortzea da.

Enpresa batzordea, enpresa zuzendaritza eta VESUVIUS taldeko ordezkariekin (gogoratu Foseco talde honen partaide dela) hiru aldiz bildu ostean, langilegoaren etorkizun hurbilari buruz dauden zalantzak ez dira argitzen.

Zuzendaritzak produkzioa lekualdatu nahi du, eta enpresa batzordeak baditu horren bueltako datuak. Kaleratzeak ekarriko lituzke lekualdatzeak, eta, orain arte, zuzendaritzak ez du kontrakorik esan. Era berean, ez ditu egungo lanpostuak bermatu, ezta epe motzera ere.

Honengatik guztiagatik, langile asanbladak iragan ostiralean greba mugagabea deitzea erabaki zuen. Greba uztailaren 5ean, 06:00etan abiatuko da, lanpostu guztiak eta etorkizun industriala bermatuko duen bideragarritasun plan baten alde.