DURANGOKO KIROLDEGIA

Greban dauden langileek beren proposamenari erantzuteko eskatu diote Udalari

2023/03/15
Hilabete bat daramate greban Durangoko kiroldegiko (Bizkaia) langileek, lan baldintzak eta zerbitzua okertu direla salatzeko. Izan ere, zerbitzuaren esleipena duen Athlon enpresak ez ditu pleguak errespetatzen. 30 egun bete direnean, elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, irtenbidea eskatzeko. Izan ere, udalak azpikontratatu du zerbiitzua. Martxoaren 7an bilera bat izan zen udaleko gobernu taldearekin. Bertan, langileek grebaren aldarrikapen nagusiak jasotzen zituen proposamen bat helarazi zuten: begirale gehiago egotea, kaleratuak berriz hartzea, lan baldintzak errespetatzea, eta zerbitzua hobetzea. Ez dute, ordea, udalaren erantzunik jaso.

Lehenik eta behin, asteko 134 orduko jarduerak eskatzen dituzte, hala nola zumba, eta pilates eta spinning klaseen ordutegiak luzatzea..

Bigarrenik, ezinbestekotzat jotzen dute fitness aretoan beti begirale bat izatea. Duela gutxi, ondoezik zegoen erabiltzaile bati arreta eman zioten aretoko erabiltzaileek. Hain zuzen ere, horietako batek deitu zuen larrialdi zerbitzura bere mugikorrarekin. “Egoera guztiz desberdina izango zen erabiltzailea gelan bakarrik egon izan balitz”, deitoratu dute.

Hirugarrenik, lankide batek egiten zuen prebentziozko mantentze zerbitzua berreskuratzea eskatzen dute, funtsezkotzat jotzen dutelako.

Laugarrenik, udalari eskatu diote Athlon enpresa behartu dezan pleguak betetzera, zehazki, lanpostu bat hutsik geratzen bada edo zerbitzu berri bat martxan jartzen bada, lantokiko langileek lehentasuna izan dezaten lanpostu hori betetzeko. Hala dago jasota akordioan.

Azkenik, Durangoko Udalari gogorarazi diote aurkeztu dituzten proposamenak erabiltzaile guztien hobe beharrez planteatu dituztela.

Aldarrikapenak kontuan hartzen ez badira, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute.