Industrias Alga eta Inervoleko greba bertan behera utzi dute langileek

2021/12/15
Abadiñon eta Zaldibarren, hurrenez hurren, dauden Industrias Alga eta Inervol lantegietako greba mugagabeari amaiera eman diote langileek. Abenduaren 9an hasi zuten greba, besteak beste, zuzendaritzak ez zielako zor zien jornala ordaintzen. Abenduaren 15ean, ordea, atzera egin, eta soldata itzuli die zuzendaritzak. Hori dela eta, greba bertan behera uztea erabaki dute.

Hala ere, egoera ez da erabat konpondu. Enpresaren etorkizunaren inguruan ziurgabetasun eta informazio falta handia dago, zuzendaritzak ez baitu inolako gardentasunik, eta langileekin azken urteetan hartutako zorrak ere kitatu gabe jarraitzen du. Hori dela eta, ELAk langileen eskubidea defendatzen jarraituko du.