Cantábrico Diversificación (Zornotza)

Langileek greban jarraituko dute uztailaren 24 arte enpresako hitzarmen propioaren alde

2024/07/10
Zornotzako Cantábrico Diversificación enpresan hitzarmen propioa izateko negoziazioak blokeatuta daude. Horregatik, langileak greban daude uztailaren 24ra arte. Lurrindegietan, drogerietan... produktuak banatzen dituen enpresa da. 21 langile dira, denak subrogatuak 2020an Distribución Farmacéutica Gipuzkoana enpresatik.

Subrogazio hartatik gaur egunera arte, langileen egoera nabarmen okertu da zuzendaritza berriarekin. Hitzarmen propiorik gabe geratu zirenez, zuzendaritza estatuko hitzarmena aplikatzen hasi zen, eta soldata arrakala sortu zen. Gainera, zuzendaritzak mehatxu egin zuen enpresa Asturiasera bidaliko zuela xantaia gisa, azkenean langile guztiei % 7ko soldata jaitsiera aplikatzeko. Eta azkenik, soldata igoerarik ez dagoenez, azken urteotan % 22 erosahalmena galdu dute.

Gauzak horrela, borrokan daude lan baldintzak berdintzeko eta enpresa hitzarmen propioa berreskuratzeko. Horregatik, greban daude uztailaren 24 arte.