LABek, CCOOk eta UGTk sektorea desmobilizatuko duen aurreakordio eskasa sinatu dute Bizkaiko kontserbetan

2022/01/31
ELAk deitoratu du LABek, CCOOk eta UGTk aurreakordio eskasa sinatu izana patronalarekin Bizkaiko kontserbetan, borrokan jarraitzeko prest zegoen sektore feminizatu eta prekario baten lan-baldintzak hobetzeko aukera galdutzat emanez. ELAk uste du, beste behin ere, patronalak lortu duela borrokatzeko prest dagoen sektorea desaktibatzea, eta deitoratu du LABek, CCOOk eta UGTk aurreakordio bat lortu izana, oraindik ere konpondu gabe baitaude sektorean beste 3 urtez jarraituko duten soldata- eta prekarietate-arazoak.

ELAren aldarrikapen nagusietako bat soldata berehala 1.200 euro garbira igotzea zen. Era berean, ez du plataformaren edukia erlatibizatu nahi izan, hitzarmen honetan funtsezkotzat jotzen baitzuen sektoreko ezkutuko prekaritatea ezabatzea: soldatak, malgutasuna, lanaldi-murrizketa, enplegu-ezegonkortasuna, ABLEak, lan-osasuna, etab. Hala ere, lortutako aurreakordioak eskaera horiei ere ez diela erantzuten, adierazi du ELAk.

Joan den azaroaren 30ean, ELAk gainerako sindikatuei proposamena egin ondoren, Bizkaiko kontserba-langileek greba egin zuten, ia denek, oso prekarizatuta zegoen sektorea duintzeko. ELAk grebari jarraipena ematea proposatu zuen, baina proposamenak ez zuen gainerako sindikatuen babesik izan.

Gaur, urtarrilak 31, patronalak aitortu du harremanak izan dituela aurreko asteetan bere planteamenduetatik hurbilen zeuden sindikatuekin, eta proposamen bat egin du, LABek, CCOOk eta UGTk onartu dutena. Eduki nagusiak honako hauek dira:

- Soldata-igoerak kopuru gordinetan, betiere peoi espezialistaren kategoria erreferentziatzat hartuta; kategoria horrek ditu sektoreko soldata txikienak eta KPIaren muga:

2021: 139,14 € % 0,94
2022:825 € % 5,50
2023:550 € % 3,48
2024:625 € % 3,82

- Txanda-kontratuari dagokionez, testu bat erantsi da, asmoen adierazpen hutsa, enpresentzat loteslea ez dena.

- Ez aplikatzearen aurkako klausula berri bat jasotzen da. Halere, gainerako sindikatuek aurretik sinatutakoetarako aurrerapen txiki bat bada ere, bitartekaritza ezartzen jarraitzen du.