AKT PLÁSTICOS (ZORNOTZA)

Urte amaiera arte luzatuko da greba, gutxienez

2023/12/13
Amorebietako AKT Plásticos enpresako langileek hamaikagarren greba eguna dute gaur, nahiz eta enpresak eta UGT sindikatuak greba oztopatzeko hainbat ahalegin egin. Gainera, greba gutxienez urte amaiera arte luzatuko da. Langileek manifestazioa egin dute hamaikagarren greba egunean.

Lantegiak 140 langile ditu, horietako asko emakumeak, eta termoplastikoak injektatzen dituste, batez ere Volkswagen taldearentzat. Enpresa hitzarmen bat negoziatzeko beharra, besteak beste, Kimikaren Estatuko Hitzarmena aplikatzeak sortzen duen prekarietatearen ondorio da. Estatuko hitzarmen horrek oso soldata txikiak ditu eta lanaldi luzeak. Azken eskaintzak apur bat hobetzen ditu baldintza horiek, baina ez aski batzordearen gehiengoaren babesa jasotzeko.

Bien bitartean, gehiengo sindikalarekin akordio batera iristeko negoziazioekin jarraitu beharrean, enpresak grebarako eskubidea urratzen du, aldi baterako langileak kontratatuz, grebak sorrarazten duen kolpea arintzeko. Aldi berean, UGT sindikatuak oztopoak ipintzen jarraitzen du.

Hori dela eta, grebalariek mobilizazioak areagotzea erabaki dute euren egoera salatzeko. Horretarako, enpresako ateen aurrean eguneroko piketeez gain, manifestazioa egin dute Zornotzan, eta datorren astean Nafarroako Volkswagen enpresaren aurrean biltzeko asmoa dute.

ELAk positibotzat jo du greba, eta enpresako zuzendaritzari dei egin dio negoziazio prozesuari berriro ekiteko, enpresa-batzordeko ordezkari gehienekin, gatazka desblokeatu eta enpresa hitzarmena berritu ahal izateko, plantillak merezi dituen lan baldintzekin.