Zornotzako Orue zahar-egoitzan greba eskubidea urratu zen

2017/11/30
ELAk demanda jarri zion Igurco-Orue egoitzari “greba-eskubidea urratzeagatik”, eta Auzitegi Nagusiak ELAri eman dio arrazoia. EAEko Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salak kalte-ordain bat ematera kondenatu du egoitza, Bizkaiko Foru Aldundiaren itunpekoa, greba-eskubidea urratzeagatik.

Orue egoitza (Igurco Taldea) Zornotzako San Migel auzoan dago, 60 langileko plantila du, eta 120 egoiliar hartzeko tokia. ELA sindikatuak Bizkaiko zahar-egoitzetarako deitu dituen grebetan, 2016ko martxotik 2017ko urriaren 27ra arte (370 greba-egun), egoitza horretako langile gehien-gehienek parte hartu dute, amaierako akordio handia lortu arte.

Greban zehar, eta gutxieneko zerbitzuak oso zabalak izan arren (%90), enpresak beste langile batzuk kontratatu zituen, grebalariak ordezkatzeko (kanpoko eskirolajea), eta hori berariaz debekaturik dago Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan eta 17/1977 Edaren 6.5 artikuluan.

Horregatik, ELA sindikatuak demanda bat jarri zuen, enpresako zuzendaritzaren egintza larri hura zela-eta, grebarako oinarrizko eskubidea bai langileei, bai sindikatu dei-egileari ukatu zitzaielakoan.

EAEko Auzitegi Nagusiak demanda onetsi du, eta enpresako zuzendaritzaren jokabidea greba-eskubidea urratzea izan zela deklaratu du. Hortaz, enpresaren jokabidea deuseza deklaratu du, enpresaren jokabide horrekin amaitzera behartu, eta kalte-ordaina sindikatuari eta langile grebalariei ematera kondenatu.

Zehazki, EAEko Auzitegi Nagusiak 16.179,15 euroko kalte-ordaina abonatzera kondenatu du Orue Egoitza.

Epai berri horrek agerian utzi du ELA sindikatuak eta grebalariek gatazka luze horretan salatu izan dutena, alegia, patronalak eta Bizkaiko Aldundia behin eta berriz saiatu dira greba-eskubidea indargabetzen eta grebaren ondorioak ezkutatzen. Izan ere, baliabide guztiak erabili dituzte akordio-bideak oztopatzeko, baina sektoreko langileen borroka eredugarriari esker garaipen handi bat lortu da arlo sindikalean eta sozialean.