ELAk Durangoko bulegoaren itxiera salatu du
Durangoko Gizarte Segurantzaren bulegoa itxita dago ekainaren 1etik langile faltagatik. ELAren arabera, egoera hori behin betikoa bihur daiteke, eta herrian ematen den zerbitzu publiko hau desagertzea ekar lezake. Elkarretaratze baten bitartez salatu du egoera.
ELAk azken urteotan Gizarte Segurantzak pairatzen duen langile eskasiari egozten dio itxiera. Erretiroek eta hutsik geratzen diren lanpostuak ez betetzeak areagotu dute arazoa. Estatuko Administrazioak hartu dituen neurriak ez dira nahikoak izan kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko.
Gainera, estatuko administrazioaren lan baldintzak ez datoz bat Euskal Herriko errealitatearekin, bizi kostua handiagoa baita. Horregatik, ELAk lurraldetasun irizpideak kontuan hartzea eskatu du enplegu eskaintzetan eta hautaketa prozesuetan.
ELAk Gizarte Segurantzaren kudeaketaren eskualdaketa exijitu du, eta ohartarazi du bulegoen itxierak langileak eta herritarrak beste herri batzuetara joatera behartzen dituela izapideak egiteko. Horrek atzerapausoa dakar bai eskubideetan bai zerbitzu publikoaren kalitatean.