SEKTORE PUBLIKOA

2024an langile publikoen soldata %2ko handitzeko Espainiako Gobernuaren proposamenak erosahalmenaren galera dakar

2024/03/13
Hego Euskal Herriko erakundeek proposamen hori bere egiten badute, erosteko ahalmenaren galera hiru urtean % 6tik gorakoa izango da. Soldata eta enplegu publikoa Hego Euskal Herrian erabaki ahal izateko atzoko grebaren aldarria bere egiteko eskatu die ELAk erakundeei eta alderdiei

Espainiar estatuko gobernuak atzo adierazi zuen 2024an langile publikoei soldata %2 handitzeko dekretua onartzeko asmoa duela. Proposamen horrekin, langile publikoek erosteko ahalmena galduko dute aurten, 2023ko KPIa % 3,1ekoa izan baitzen. Proposamen hori CCOOk eta UGTk estatuarekin sinatutako 2022ko akordioaren aplikazio praktikoa baino ez da.

Akordio horren ondorioz, Euskal Herriko langile publikoek hiru urtean %6tik gorako erosteko ahalmena galdu dute. 2022an, erosahalmenaren galera %3koa izan zen, eta 2023an %2,2koa. Madrilen erabakitakoa aplikatuz gero, 2024ko galera %1,1ekoa izango da. Gogoan izan CCOO eta UGT sindikatuak gutxiengoa direla Hego Euskal Herriko sektore publikoan.

ELAk erakundeei eta alderdi politikoei eskatzen die bertan behera utz dezatela orain arteko Madrilekiko mendekotasuna, eta ez dezatela Espainiako Gobernuak, CCOOk eta UGTk soldaten eta enplegu publikoaren arloan 2022ko urrian sinatutako akordioa aplikatu.

Sektore publikoaren atzoko greban eta mobilizazioetan parte hartu zuten milaka langileek mezu hori helarazi zuten. ELA eskaera horretan berresten da. Horregatik, Euskal Herriko erakundeei eta alderdi politikoei eskatzen die zerbitzu publikoen alde egin, eta utz diezaietela izateari Espainiako Gobernuren ordezkaritza huts. Horretarako, beharrezkoa da euren eskumenak erabiltzea eta euren gain hartzea, eta ahalbideratu ditzala langileen pobretzea galarazteko soldata igoerak, baita lan baldintzak eta enplegu publikoa hemen erabaki ahal izateko ere.