Arlo publikoan 35 orduko lanaldia mantentzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean

2018/05/04
Gasteizko Legebiltzarrean Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean parte hartu du ELAk. Bertan, Urkullu zuzentzen duen Gobernuari eta batzordean partehartzen duten legebiltzarkideei EAEko administrazio publikoko langilegoari 35 orduko lanaldia manten dezela eskatu du.Hala egin ezean euskal autogobernuaren kontrako eraso larria izateaz gain, milaka lanpostu publiko suntsituko bait lirateke eta zerbitzu publikoen kalitatea guztiz kaltetu.

Agerraldian ELAk azaldu bezala, ezinbestekoa da gure herrian zerbitzu publikoak nola antolatu behar ditugun erabaki ahal izatea. Zentzu horretan, gure herrian negoziazio kolektiborako eskubidea defendatzea eskatu die legebiltzarkideei.

ELAko ordezkariak adierazi duenez, 35 orduko lanaldia ezartzeko erabakia 2000. urtean mahai orokorreko akordioaren islada izan zen eta lorpen hau gehiengo sindikalak 1.999an deitu zuen greba orokorraren arrakastaren ondorio zuzena izan zen. Izan ere, greba hark mugarri bat jarri zuen herri honetako ibilibidean; gure hirietako kaleak jendez bete ziren enpegurako eskubidea, aberastasunaren banaketa eta pobreziaren amaiera eskatzeko.

ELAko ordezkariak gogorarazi du Auzitegi Gorenaren epaia Estatuko abokatutzak 2016. urtean 35 orduko lanaldia berrezartzeko Eusko Jaurlaritzak egindako Dekretua errekurritzeko hartu zuen erabakiaren ondorio izan zela, eta erabaki horrek agerian uzten zuela Estatuaren inboluzio-agenda, bai arlo sozialean, baita autogobernuaren aurka ere. Erabaki horrek aldebikotasunaren mugak agerian utzi zituen. Zertan da aldebikotasuna gure langile publikoen lanaldia ere erabaki ezin badugu? Euskal administrazioak Madrilen hartutako erabakiak betearazten dituzten luzapen huts bihurtzen dira horrela.

Halaber, Estatuak Dekretuaren aurka jo zuenean esan genuen erabakitako ekinbide juridikoak ez zirela nahikoak, eta oso ibilbide laburra izango zutela; hau ere frogatuta geratu da. Horregatik, ELAk Urkulluren gobernuari exijitu dio eman dezala 35 orduko lanaldia mantentzeko hitza.

Agerraldian ere gure zerbitzu publikoak antolatzeko ahalmena aldarrikatu du ELAko ordezkariak, esaterako, zenbat mediku edo irakasle behar ditugun, euskal gizartearentzat lanean jardun daitezen.

ELAk borrokan jarraituko du, orain arte bezala, 35 orduko lanaldia euskal arlo publiko guztian mantendu daiten, enplegua sortzeko, zerbitzu publikoaren kalitatea handitzeko eta langileen bizi-baldintzak hobetzeko.