BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK
Greba egun gehiago deitzea erabaki dute langileek aho batez; maiatzaren 10etik 25era

Bizkaiko zahar etxeetako langileen greba amaitzekoa zen gaur, baina asanbladan bildu eta aho batez erabaki dute greba luzatzea. ELAko ordezkariek batzarrean azaldu dutenez, 50 greba egun baino gehiago eta bi urtez hitzarmenik gabe egonagatik ere, sektoreko patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak ez dute proposamenik egin lan baldintzak hobetzeko. Besteak beste, pribatizatutako eta Udalen zein Aldundiaren esku dauden langileen arteko soldataren aldea %40koa da.
Bizkaiko zahar etxeetako langileek adierazi dute borrokan jarraituko dutela sektoreko hiru patronalek (GESCA, LARES eta ELBE) eta Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmenean oinarrizko gaiak bermatu arte; hala nola, enpleguaren egonkortasuna lanaldi osoekin (hamar langileetatik lau kontratu partzialekin daude, eta horietako ia erdiak ez du ezta jardun erdi bat ere), lehen egunetik langileak ordezkatzea, 60 urtetik gorakoei lanaldia murriztea, edo hilaren amaierara iristea ahalbidetuko duen soldata igoera. Horrela, pribatizatu gabeko zaintza eremuko lankideekin parekatzeko benetako urratsak egin ahal izango dira.
Langileek ere salatu dute Eusko Jaurlaritzaren jokaera: patronalaren interesen alde besterik ez duela egin, eta erresidentzietako langileen borroka ikusezin bihurtzen eta neutralizatzen ahalegindu dela, sektoreko % 80 baino gehiagori greba eskubidea eragotziz gutxieneko zerbitzuekin. Eusko Jaurlaritzari soldata arrakalarekin amaitzeko eskatu diote, propaganda gutxiagorekin eta benetako urrats gehiagorekin, adinekoen egoitzak bezalako sektore feminizatu eta prekarizatu bateko lan gatazka lehenbailehen konpontzeko.