Ambuibericak 5.000 euro ordaindu beharko dizkio pandemian kutsatu zen langile bati

2022/12/05
EAEko Auzitegi Nagusiak aginduta, Ambuibericak, EAEko osasun garraioaren esleipendunak, 5.000 euro ordaindu beharko dizkio pandemiaren lehen olatuan kutsatu zen langile bati, kalte moralengatik. Azaroaren 24ko sententziak jasotzen duen bezala, Lan Arloko Salak frogatutzat jo du Ambuibericako langileek behar bezalako babes neurririk gabe egin behar izan zutela lan. Epai hau Donostiako Lan Arloko 3 zenbakiko Epaitegiak ekainaren 8an emandako ebazpenaren ondoren iritsi da. Orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi du enpresak ez zuela babes neurririk hartu eta kutsatu zen langile baten bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidea urratu zuela pandemian.

Langilea bajan izan zen koronabirusak eragindako infekzioagatik 20.03.20tik 20.06.3ra arte. Gainera, egiaztatu zuen bere senarra eta semea ere kutsatu zirela hurrengo astean, herritarrak etxean zeuden garaian. Horregatik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak berretsi du langileak eskubidea duela bidezko ordaina jasotzeko, zehazki 5.000 euro, osotasun fisikorako eskubidea urratu ziotelako.

Bidelagun Fundazioak -ELAk sortutako erakundea, laneko ezbeharren eta gaixotasun profesionalei erantzun espezializatua emateko- eta ELAk oso positibotzat jo dute ebazpen judizial hori; izan ere, “enpresaren hutsegiteen aurrean, babes konstituzionalik handiena eman dio bizitzeko eskubideari eta osotasun fisikorako, pandemian berebiziko garrantzia izan zuen sektore batean, gainera”.