Arabako zahar egoitzetako langileek hitzarmena probintziala exijitu diote Aldundiari euren 13. greba egunean

2021/05/26
ELA, LAB, CCOO eta UGTk deituta eta Babestu senideen elkartearen eta Pentsionisten plataformaren babesarekin, Arabako erresidentzietako langileek greba eguna izan dute. Dozenaka lagun Espainia Plazatik Gasteizko kaleetan barna abiatu dira Diputazioaren aurrean hitzarmen probintziala exijitzeko, Estatu mailakoak ez baititu langileen beharrizan minimoak asetzen.

Azaldu dutenez, 997€, gutxieneko soldata, jasotzen dute urtean 1.792 ordu lan egitearen truke; gau osoan 10 ordu lanean jarduteagatik 17€ko gehigarria jasotzen dute; jaiegun batengatik 18€koa eta Gabon edo Urteberri egunean lan egitearen truke, 32€. Gainera, sindikatuek azpimarratu dute ezinbestekoa dela ratioak murriztea, bataz beste, langile bakar batek 12 pertsona baititu bere ardurapean, zahar egoitza publikoetan bost diren bitartean.

Gogorarazi dutenez, egoera are okerragoa da pandemiaz geroztik. “Agerian geratu dira sistemaren gabeziak, langileon gutxieneko eskubideak urratuak izan dira eta, haiekin batera, pertsona helduenak ere. Arabako erresidentzien barruan ehunka hildakoen inguruko albisteek gizartearen kontzientzia astindu dute azkeneko urtean zehar, baina, zoritxarrez, ez administrazioena ezta patronalarena ere”, deitoratu dute.

Gauzak horrela, sindikatuek mobilizazioaren beharra nabarmendu dute, “zahar egoitzetako egoiliarrei ahalik eta bizimodurik egokiena eskaintzeko ezinbestekoa baita lan eskubideak duintasunez bermatuko dituen Arabako hitzarmen probintziala eskuratzea, Bizkaian mobilizazioen bidez lortu den bezalaxe”. Hori dela eta, grebekin jarraituko dutela aurreratu dute, Aldundiak eta zaintzak diru iturri bihurtzen dituzten enpresek negoziaketa abian jarri arte.