Arlo soziosanitarioaren egoera oso larria da; osasun eta segurtasuna bermatzeko gutxienekoak ez dira ezartzen

ELAk hamarkada bat baino gehiago darama greba eta mobilizazio ezberdinen bidez borrokan. Hauen helburua, batez ere, hain funtsezko lana egiten dutenei baldintza duinak ematea izan da, bai eta zerbitzuaren kalitatea bermatzea ere, batez ere lan-karga jasanezinei aurre egiteko langileak gehituz.
Tamalez, beste behin ere erakundeak babesik gabe uzten ari dira emakumezko langileak. Egoera oso larria da; babes- eta segurtasun-material nahikoa iritsi gabe jarraitzen du, eta horrek kutsatzeak eragiten ditu egoitza berrietan, eta kutsatze gehiago lehendik zeuden lekuetan. Ehunka ez, milaka dira kutsatutako egoitzetako langileak eta erabiltzaileak.
ELAk berriz ere plazaratu behar du erakundeei zuzendutako eskaria: norbera babesteko ekipamendu osoak eta testa egitea egoitzetako langile eta egoiliar guztiei; hala egin ezean auzitara joko duela ohartarazi du sindikatuak.
Azkenik, elkartasuna adierazi nahi diegu senitartekoei; hauen elkarteak egiten ari diren eskaerak gure egin nahi ditugu, eta, batez ere, saminean lagun egin nahi diegu jada beren maiteak galdu dituzten familia guztiei.