ARABAKO ERRESIDENTZIAK ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK

Aste honetako greba amaitu da, beste elkarte batzuen babesarekin

2023/11/10
Asteko hirugarren eta azken greba eguna, Babestu Araba, Zaintza Araba, Gasteizko Mugimendu Feminista eta Arabako Pentsionistak elkarteek lagunduta, besteak beste. Langileek bitartekaritza eta gatazkaren konponbidea eskatu diote Aldundiari, eta Gorka Urtaran diputatuarekin bilera eskatu dute.

Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioen sektorean aste honetarako ELAk eta LABek deitutako hiru eguneko greba amaitu da, beste erakunde eta elkarte batzuek parte hartu duten manifestazio batekin. Babestu Araba, Zaintza Araba, Gasteizko Mugimendu Feminista eta Arabako Pentsionistak elkarteek babestu dituzte langileak, eta bat egin dute manifestazioarekin. ELA pozik agertu da grebaren jarraipenarekin, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen.

Enpresen pasibotasun instituzionalaren eta negoziatzeko borondaterik ezaren aurrean, hurrengo greba deialdiari eusten dio ELAk: abenduaren 12, 13 eta 14an kalera itzuliko dira langileak egoera nabarmen aldatu ezean.