Azken hamarkadan EAEko langile publikoen eros-ahalmenaren galera %14tik gorakoa da

ELAren iritziz, proposamen horrek argi erakusten du Eusko Jaurlaritzak jarraitzen duela Madrilek inposatzen dituen agindu eta irizpideak betetzen; izan ere, Erkorekak neurriaren berri eman duenean datu garrantzitsu bat ezkutatu du: 2019rako aurreikusitako %2,375eko igoera horrekin, langile publikoen eros-ahalmenaren galera %14tik gorakoa izango da oraindik.
Ildo beretik, eta Itzarriri dagokionez, gobernuak murrizketari eustsiko dio, Gobernuarekin adostutako aportazioak %3koak baitira.
Gobernuak sindikatuei borondatea agertu eta erantzukizunez jokatzeko eskaera egiten digu etengabe; negoziazio eremua Jaurlaritzak Madrileko Gobernuarekin adostutako defizit helburuaren, gastu sabaiaren eta zor mugaren barnean eman behar dela ere defendatzen du. Bada, horren aurrean ELAk argi azaldu nahi du irizpide horiek betetzeak zer ekarriko duen:
- Gaur egun, hiru langile publikotik bat (ia %40) behin-behineko egoeran dago lanpostu estrukturala betetzen.
- Langile publikoen eros-ahalmenaren galera %14tik gorakoa izatea.
- Emakume eta gizonen arteko soldata arrakala %24tik gorakoa izatea.
Hortaz, ELA da Eusko Jaularitzari borondatez eta erantzukizunez jokatzeko eskatzen diona, eta behingoz, benetazko negoziazioa hasi dezan eskatzen diona, hain zuzen, behin-behineko milaka eta milaka langileen lanpostua finkatzeko; galdutako eros- ahalmena berreskuratzeko; emakumeek pairatzen duten diskriminazioarekin amaitzeko; eta azken urteetan murrizturiko gainerako lan baldintzak lehengoratzeko, besteak beste jubilazio primak.