Komunikazio lanetan adituak ziren baso-agenteak ordezkatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzua pribatizatzeko ahaleginetan
Lehenik eta behin, ELAk argi utzi nahi du ez dela gure asmoa enpresa horietako langileak gutxiestea, ezta pentsatu ere. Are gehiago, euren lan egoeraren ezegonkortasuna salatu behar dugu, aldi baterako kontratuak baituzte, gehienez 2 urteko luzeera dituzten kontratuak, hain zuzen ere. Hortaz, jakin badakigu zaila dela larrialdi kasuetan beharrezkoak diren esperientzia eta gaitasuna garatzea halako kontratu laburrak izanda.
Kontua da, zergatik hartu du Bizkaiko Foru Aldundiak aldaketa hau egiteko erabakia? Bada, arazo bat egon bazegoelako. Hau da, babestutako parke naturalek eta atsedenlekuek presentzia fisikoa behar dute 365 egunez 24 orduz, gaur egun espazio hauen zaintza ez delako nahikoa. ELAn ere bat gatoz horrekin, alegia, egia da ez dela nahikoa, baina irtenbidea ez da zerbitzu hori pribatizatzea baizik eta kalitatezko lanpostu publiko gehiago sortzea. Urteak daramatzagu basozainen lanpostu gehiago behar direla baieztatzen, funtzio guztiak modu egokian betetzeko aukera izan dezaten.
Hori dela eta, Bilboko Aste Nagusian Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean izango gara sinadura bilketa egiten.