Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko greba hasi da

2021/11/08
Azaroaren 8an Beasaingo Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen greba hasi da; greba azaroaren 14a arte luzatuko da. Deialdi honen helburua, lan baldintzak duinduko dituen lan hitzarmena lortzea da. Langileen gehiengo oso zabalak bat egin du greba deialdiarekin.

Langileek, egiten dituzten orduen arabera kobratzen dute. Ordu horiek oso aldakorrak dira hilabetez hilabete, beraz, langileek duten ezegonkortasun horrek, eragin negatiboa du beraien lan-baldintzetan eta erabiltzaileei ematen dieten zerbitzuan.

Gogoratu dezagun langileek lan hitzarmen plataforma entregatu zutela bai enpresa eta bai udalari duela urte bete baino gehiago. Beasaingo etxez etxeko laguntza-zerbitzua Udala titularra duen zerbitzu publikoa da. Zerbitzu hori pribatizatuta dago eta 'Goxara' enpresak kudeatzen du. Bertan 28 langile inguru ari dira lanean. ELAk plataforma onartzeko eskatu dio enpresari, baina uko egin dio. Enpresarekin zein udalarekin izandako bilerak emaitzarik gabe bukatu dira.

Horren aurrean, langileek hainbat mobilizazio egin dituzte iraila eta urrian, eta egoerak bere horretan jarraitzen duela ikusita, urrats bat egin eta grebara jotzea erabaki dute Azaroaren 8tik 14ra. Egunero elkarretaratzeak egingo dituzte Beasaingo udaletxearen parean, 11:30tan, astelehenetik ostiralera. Izan ere, enpresa nola, Udala ere bada egoeraren erantzule. Beasaindarrek jarritako baliabide publikoak lehentasun horietara bideratu behar dira, eta ez enpresa pribatuen etekinak gizentzen jarraitzera, lan eta zerbitzu-baldintzak prekarizatuz.