Behin-behinekotasunari buruzko Errege Lege Dekretuaren aurkako mobilizazioak Lakuan

2021/07/19
Uztailaren 21ean Espainiako Diputatuen Kongresura iritsiko da Iceta ministroak sustatutako enplegu publikoaren inguruko errege dekretua. Milaka eta milaka langile publikoren enplegua kolokan jartzen duen Lege Dekretu horren aurka protesta egiteko ELAk eta Interinok Taldeak-ek mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte Lakuan. Mobilizazio hauen bidez ELAk euskal alderdiei dekretua baztertu dezatela exijitu nahi die.

Mobilizazioak uztailaren 19an eta 20an izango dira: kontzentrazioak, auto karabanak, manifestazioak... ELAren ustez enplegu publikoaren inguruko errege dekretua oso larria da, auto-gobernuaren gaitasunean esku-hartze larria eragiteaz gain, sektore publikoko milaka langile kaleratuak izan daitezkeelako. Hamaika arrazoi daude dekretuari EZ esateko!

  • Langile publikoen birjartze-tasak ezartzen ditu. Beraz, Espainiako Estatuak gure herrialdean behar ditugun langile publikoen kopurua ezartzen eta mugatzen jarraituko du.
  • EAEko behin-behineko 60.000 langile kaleratzeko atea irekitzen du, urte luzez gure herrialdean zerbitzu publikoak aurrera atera dituztenak.
  • Gainera, behin-behinekotasunaren abusua jasan duten langile horiei ez zaie benetan bermatzen poltsetan sartzea, ezta urteko 20 eguneko kalte ordaina ere.
  • Ez da proposatzen benetako neurririk etorkizunean egungo aldi baterako enplegu-tasak, enplegu suntsipena eta arlo publikoaren pribatizazioa berriro gerta ez daitezen saihesteko.
  • Horrek guztiak eragin ditzakeen ondorio larriez gain, Gobernuak gabezia demokratiko larriak dituen salbuespenezko bide batetik jo nahi du: Errege-Lege Dekretuaren bidez.