Beste 10 greba egun Bizkaiko zahar etxeetan: martxoaren 15etik 24ra
2023/03/09

Bizkaiko erresidentzietako ELAko langileek (%68ko ordezkaritza dute sektorean) beste greba deialdi bat adosu dute asanbladan: martxoaren 15etik 24ra egingo dute greba. Izan ere, patronalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak bere horretan jarraitzen dute. Martxoaren 8aren harira emakumeen aldeko hainbat ekintza propagandistiko egin dituzte, baina errealitatea da ez dutela urratsik egiten zahar etxeetako sektorea bezalako arlo feminizatu batean hobekuntzak egiteko. Lan premiei erantzun gabe jarraitzen dute: langile falta, Gizarte Urgazpenerako Foru ErakundeaREKIN (GUFE) parekatzea, lehen egunetik ordezkapenak egitea, lanaldi osoko kontratuak egitea, lan osasunaren arloko hobekuntzak... Bi urte baino gehiago doaz aldarri horiekin, baina entzungor egiten diete.
Are gehiago, zaintzarekin negozioa egiten jarraitzen dute. Erabiltzaileentzako kuotak handitzen dituzte, baina diru hori ez da hobekuntzetara bideratzen, patronalen poltsikoetara baizik. Hori dela eta, langileek greba Bizkaiko erresidentzia guztietara eramango dute hamar greba egunetan, hainbat ekitaldi eta mobilizazioekin. Lehenengoa martxoaren 15ean egingo dute Bilbon. 11:00etan manifestazioa egingo dute Guggenheim Museotik abiatuta, CEBEKetik igaro eta BFAren aurrean amaitzeko.