Beste 19 greba egun izango dira Gipuzkoako zahar-etxeetan

2019/01/18
Gipuzkoako Erresidentzietako eta Eguneko Zentroetako 100 delegatu baino gehiago bildu dira Donostiako ELAren egoitzan eta beste 19 greba egun deitzea erabaki dute. Otsailaren 20tik martxoaren 20ra luzatuko da greba deialdi berria. Deialdi berri honek azkeneko 16 greba egunei jarraipena emango die.

ELAko ordezkariek adierazi dute langileak konbentzituta daudela sektoreko lan baldintzak eta sektore honen kalitatea hobetzea lortuko dutela, eta hori greba eginez bakarrik lortuko dutela.

Gogoratu dutenez Patronalek eta Foru Aldundiak ez dute gatazka hau konpontzeko inongo urratsik eman. "Bi urte baino gehiago dira negoziazio hau hasi zela, lau hilabete baino gehiago grebari hasiera eman geniola, eta egoerak okerrera egin du", salatu dute. Tamalez, denborak arrazoia eman die sektoreko langileei".

Azken aldian gertatutakoak agerian utzi du patronalek buruan zituzten interes bakarrak enpresa irabaziak eta sektoreko langileen lan baldintzen galerak zirela. Era berean, negoziazio mahaia adar jotzea dela frogatu da; izan ere, gaur egun ez da bildu ere egiten. Hori dela eta, ELA-k bertatik altxatzeko erabakia hartu zuen, patronala sektoreko hitzarmena enpresa hizarmenetan bilakatzeko prest ez zegoela ikusi zuelako, planteatzen zutena izozketa zelako, alegia, 2017-2018 urteetarako eroste ahalmena galtzea proposatzen zutelako. Hortaz, bi alor horietan patronalak bere posizioa aldatzen ez duen bitartean ELA ez da mahai horretan eseriko.

Sektoreko langileek Gipuzkoako Foru Aldundia jokatzen ari den papera ere salatu dute, hein handi batean berak finantzatzen baitu sektore hau, eta sektore honetako patronalei kobertura ematen ari da. Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu minimoen igoeran ezinbesteko ardura du, eta ardura hau izatea eskatzen du.