Beste bi greba egun arrakastatsu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuan

2019/02/27
Jarraipena oso handia izan da sektoreko langileen artean. Hiritarrak mugimendu feministak babestutako martxoaren 4ko manifestaziora joateko dei egin diete.

Sektoreko langile gehienek greba eta mobilizazio deialdiarekin bat egin dute. Manifestazioa sektoreko bi enpresen aurretik pasatu da, Aztertzen eta Aurrerantz, eta Bilboko Udalaren aurrean bukatu. Horrela, gatazkan inplikaturik dauden eragile nagusiak interpelatu ditugu: udalak eta patronalak.

Izan ere, 23 greba egun ostean, patronal eta erakundeek ez dute inongo pausurik eman gatazkaren konponbiderako. Sindikatuok uste dugu udalek 10.000 lagun baino gehiago artatzen dituen eta 1.500 langile baino gehiagori lana ematen dien zerbitzu honekin bukatzeko erabakia hartu dutela. Dirutza suposatzen diela iritzita zaintza lanak familien eremura edota ezkutuko ekonomiara bueltatzeko apustu irmoa egin dute.

Horrek bakarrik azaldu dezake zerbitzu orduen galera eta finantziazioaren murrizketa. Izan ere, finantziazio falta honen ondorioz azken urteetan ematen ari diren lizitazioak beheranzko enkantetan bihurtu dira, zeinetan zerbitzua azpikontratatzeko elementurik garrantzitsuena haren merkatzea bihurtu den. Honek, langileen lan baldintzetan eragin zuzena ari da izaten: 4 urte daramatzate hitzarmena berritu gabe, 7 urte daramatzate soldatak izoztuta, bizitzarekin bateraezina den malgutasuna pairatzen dute, besteak beste. Era berean, zerbitzuaren kalitatean ondorio nabarmenak ari da izaten, erabiltzaileei atentzio berdinak edo gehiago ematen zaie orain dela urte batzuk baino denbora gutxiagoan edo berdinean.

Honengatik guztiagatik, langileak mobilizatzen ari gara. Ez dugu onartuko hondar-zerbitzu batean bihurtzea bere behar soziala erabat agerikoa denean. Ez gara konformatuko lan baldintza prekario batzuekin. Borrokaren erdigunean zaintza lana dago, emakumeek pairatzen dugun soldata arrakala eta prekarietatea. Gure borroka, horrenbestez, borroka feminista da.

Hurrengo astean kalean jarraituko dugu Etxez Etxeko Zerbitzuaren defentsan:

  • Martxoak 4: 19:00etan manifestazioa Bizkaiko Foru Aldunditik mugimendu feministarekin batera .
  • Martxoak 5: 11:00etan manifestazioa Unamuno plazatik.
  • Martxoak 6: 11:00etan EUDELen aurrean eserialdia eta manifestazioa udaletxeraino.
  • Martxoak 7: 11:00etan kontzentrazioa eta prentsaurrekoa Bilboko Udaletxearen aurrealdean.

Etxez Etxeko Laguntzako langileok, gainera, martxoaren 8ko greba feministarekin bat egiten dugu eta geure egiten ditugu egun horretan egingo diren aldarrikapenak