AVANZA DURANGALDEA (BIZKAIBUS)

Gidari baten aurkako genero jazarpena

2023/09/14
Avanza Durangaldeko (Bizkaibus) langile-batzordeak salatu egin du lankide batek beharrean zela eta ondoren eremu pertsonalean pairatu duen genero jazarpena.

Erasoa irailaren 4an gertatu zen, Zeanuriko linea egiten duen zerbitzuan. Bidaiari bat autobusean sartu eta txartel bat eman zion gidariari (hau emakumea zen); bertan telefono zenbaki bat zegoen, eta honako mezua: “Kafe bat hartuko dugu? Oso eskuzabala naiz”. Gidariak hasieran ez zion jaramonik egin txartelari, baina zenbait ordu beranduago telefono pertsonalean mezuak jasotzen hasi zen; bidaiariaren jazarpena medio larritasuna eta kezka sartu zitzaion. Bestalde, langile-batzordeak jakin duenez hau ez da kasu bakarra, bidaiari berak halako txartelak banatu baititu beste gidari eta bidaiari emakumeen artean.

Gidatzen ari direla langileek jasaten dituzten erasoak “behin eta berriz” gertatzen dira; ez soilik jazarpena, baizik eta hitzezko erasoak, esaterako abuztuaren 29an Galdakaon 3932 linean bidaiari batek egindakoa (honek beste behin gidari bati eraso ziolarik). Halaber, gauez eta goizean goiz egiten diren zerbitzuetan, bidaiariak jai edo diskoteketatik datozenean, ohikoak dira hitzezko erasoak, ibilgailuei eragindako kalteak, borrokak, etab.

Avanza Durangaldeko langile-batzordea aspaldidanik ari da galdegiten guztientzako segurua izango den kalitatezko zerbitzu bat, eta langileari uneoro babesa eman beharra halako indefentsio egoeretan; izan ere, zerbitzuotan ibilgailu bakoitzean gidari bakarra izan ohi da, babesik gabe eta unean uneko egoerei aurre egiteko baliabiderik gabe.

Langile-batzordeak neurriak hartu ditu ziurtatzeko hala enpresak nola Aldundiak (Bizkaibus zerbitzuaren arduradunak) erabakiak hartuko dituztela honelako egoerak berriro gerta ez daitezen.