NAFARROAKO ERRESIDENTZIAK
Beste hiru egun greba deitu dituzte

2021eko maiatzean Nafarroako Hirugarren Adinekoen Zentroen lehen sektoreko hitzarmena negoziatzen hasi zen. Momentu horretan ELA, UGT eta LAB sindikatuek proposamen bateratu bat adostu zuten eta patronalei bidali zien. Ordutik bilera asko egonda ere, gaur egun patronalek ez dute sindikatuek eskatutako gutxienekoak betetzen dituen proposamenik egin. Bestalde, Nafarroako Gobernua, sektore hau finantzatzen duena eta erantzukizun publikoa duena, bat etorri da patronalaren jarrerarekin etengabe.
Langileen aldarrikapenak argiak dira: lan-baldintza duinak negoziatzea Foru Erkidegoko 70 zentro baino gehiagotan dauden 4.500 langilerentzat hitzarmen kolektibo batean. Hitzarmen batek plantillei lan duina egiteko aukera emango die eta hirugarren adinekoei zerbitzuaren kalitatea bermatuko du, arreta eta zaintza berezia behar duen kolektiboa dela kontuan hartuta.
Patronalekin eta Nafarroako Gobernuarekin azken bilera 2023ko urtarrilaren 26an izan zen. Bilera horretan, patronalek proposamen bat helarazi zuen, baina negoziazio-mahaian zeuden sindikatu guztiek atzera bota zuten. Hori dela eta, patronalei eskatu zitzaien sektoreko langileentzako baldintza duinak jasotzen zituen proposamen bat egiteko. Ostera, azken bileratik ia bi hilabetera, ez patronalek ez Nafarroako Gobernuak ez dute eskaerei erantzuteko borondaterik agertu. Horrek erakusten du patronalek eta Nafarroako Gobernuak ez dutela inolako interesik gatazka honi benetako konponbidea emateko.
Negoziazioa blokeatuta dagoenez eta sektoreko langileekiko begirunerik ez dagoenez, langileak mobilizatzera deitu dute sindikatuek. Kontzentrazioak egingo dira martxoaren 24an Parlamentuan eta 29an Nafarroako Jauregian. Gainera, ezarritako zerbitzu minimoek grebarako eskubidea sakonki zailtzen duten arren, elkarren segidako hiru greba egun deitu dira apirilaren 18, 19 eta 20rako. Hitzarmenak ezin du itxaron eta blokeoa ez da onartuko erantzun gisa. Langileek ezin dute egokitu patronalek markatzen dituzten erritmoetara. Hitzarmen duin bat lortzeko mobilizatu behar da.