Greba eguna BetiOn Jaurlaritzaren telelaguntza zerbitzuan

ELAk eta LABek deituta, greba eguna izan dute BetiOn Jaurlaritzaren telelaguntza zerbitzuko langileek. Eusko Jaurlaritzak Televida enpresari azpikontratatutako zerbitzuko langileek manifestazioa egin dute Bilbon, eta enpresak negoziatzeari uko egiten jarraitzen duela salatu dute. Mobilizazioa amaitzean, ordezkari bat enpresaren egoitzan sartu da eta negoziazio bilerak zehaztuko dituen egutegia eskatu du, idazki baten bitartez.
Izan ere, 130 egun baino gehiagoko grebaren ondoren eta maiatzaz geroztik negoziazioa blokeatuta badago ere, ez da beste bilerarik egin. ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak, azpikontratatutako zerbitzuaren titularrak, beste aldera begiratzen jarraitzen duela, enpresak 41 milioi euro publiko jasotzen dituen bitartean.
BetiON arreta iraunkorreko zerbitzua da, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, larrialdi egoerei edo gizarte premiei erantzun egokia emateko sortua.