Bi greba egun berri Gipuzkoako egoitzetan Aldundiaren immobilismoa salatzeko

2021/05/13
ELAk 24 orduko beste bi greba egun deitu ditu Gipuzkoako egoitzetan maiatzaren 20rako eta ekainaren 14rako. Donostian egindako agerraldi publiko batean, Aldundiak beste alde batera begiratzen duela salatu du sindikatuak. "Ez da gai langileekin biltzeko, nahiz eta horretarako eskaera ugari egin, eta gatazka larriagotzen ari da". Langileek grebarekin jarraitzeko prest daudela adierazi dute.

Azken bi urteetan Diputazioari biltzeko eskaera ugari egin ondoren, langileek oraindik ez dute erantzunik jaso. Egoera horren aurrean, langileak apirilean bildu ziren Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoekin. "Bilera hauek gure irakurketa helarazteko baliatu genituen. Covid-19aren aurrean hartzen ari diren neurriei buruz solastu ginen, eta bi aldeen arteko bilera bat errazteko bitartekari lanak egin zezatela eskatu genuen. Ulertezina da demokrazia batean erakundeetako ordezkariek biltzeko eskubidea ukatzea gatazkan dauden langileei".

ELAren irakurketa argia da: "Pandemian gure bizitzak arriskatu genituen, eta hori egin izanaren ordaina umiliatzea, alde batera uztea eta balioa galtzea da. Badakite erresidentzien ereduak huts egin duela eta hura aurrera ateratzeko gure mende daudela, langileon mende. Horregatik esplotatuak eta menderatuak behar gaituzte eredu hura iraunarazi ahal izateko. Gu, pertsona ahulenen bizitza eta heriotza zaintzen dugunok, kudeatzen dutenek abandonatuta gaude. Baina argi daukagu: guk borrokan jarraituko dugu, %100eko Gutxieneko Zerbitzuak gorabehera, patronalek eta enpresek hildakoen banaketa ehorztetxeekin adosten dutela, gobernariek funts putreak babestu eta negozioz hornitzen dituztela... ".

Maiatzaren 20an eta ekainaren 14an greba egun berriak izango dira zahar-egoitzetan, 250 egun guztira. Eta helburuak berbera izaten jarraitzen du: sektore honetan bizitza zaintzen duten langileak duintzea eta baloratzea eta gure adinekoei kalitatezko zerbitzua ematea. "ELAko langileak, beti esan dugun bezala, gatazka honen konponbidearen parte gara. Aldundia, sektorea finantzatzen duena, ez da gai bi urtean langileekin eta patronalekin elkartzeko. Onura ekonomikoaren alderdi interesatua da, baina ez dute ezer egiten hitzarmena negoziatzeko".