BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK GREBAN

Bilboko Areatzako Zubia berdez tindatu dute, 63. greba egunean

2023/05/19
63. greba egunean, Bizkaiko erresidentzietako langileek giza katea egin dute Bilboko Areatzako Zubian, zahar etxeetako zaintza ereduan premiazko aldaketak eta lan baldintzak hobeak aldarrikatzeko. Pankarten, banderen eta begizta berdeen artean, euren aldarrikapen nagusiak gogoratu dituzte: soldata igoera, ordezkapenak lehen egunetik egitea eta enplegua egonkortzea. Era berean, eta zerbitzu minimoetako langileei, egoiliarrei eta haien senideei laguntzeko, begizta berdeak erabili dituzte Bilboko zubi esanguratsuenetako bat berdez estaltzeko, hain zuzen ere, Areatzako Zubia.

Asteburuan, langileek gatazka berriro hurbilduko dute lantokietara eta eskualdeetara, beren aldarrikapenak egoiliarrekin eta euren senideekin partekatzeko. Astelehenean, maiatzaren 22an, langileek kanpaldia egingo dute, piknik eta guzti, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, Bilbon.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta patronalek aurrerapausorik ematen ez badute grebarekin jarraituko dute, akordio bat lortu arte.