BIZKAIKO ERRESIDENTZIAK
Bilboko lau sarrera nagusiak berdez jantzi dituzte grebalariek
Bilbora sartzeko errepide nagusiak berde kolorez tindatu dituzte gaurkoan ELAko Bizkaiko erresidentzietako langileek. Deustutik, La Salveko zubitik, Zabalburutik eta San Mamesetik abiatutako lau zutabe mobilizatu dira eta Moyuan egin dute bat guztiek, Bizkaiko Aldundiaren aurrean egin duten gosari herrikoian.
Gaurkoan ere aldarrikapenak ozen entzun dira: lan egonkortasuna eskatu dute langileek, lehen egunetik ordezkapenak izatea eta eros ahalmena bermatzeko soldata igoerak. Bizkaiko Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta patronalen jarrera salatu dute, gatazka honen aurrean hartzen ari diren jarrera dela eta. Izan ere, urte eta erdi darama negoziaketa mahaiak blokeatuta eta gatazka konpontzeko urratsak eman beharrean, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak handitu ditu %50etik %80ra, grebarako eskubidea urratuz.
Maiatzaren 3ra arte jarraituko du grebak. Bihar, apirilaren 25ean 11:30etan Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean elkartuko dira grebalariak, Eusko Jaurlaritzatik igaro eta Miserikordia Egoitzako lorategietan amaituko den manifestazioa egiteko. Ibilbidean zehar, langileek eszenaratze berezia egingo dute. Erresdentzien Hitzarmenaren berpiztea antzeztuko dute, desfibriladore eta guzti, eta mozorratuta egongo dira manifestazioan. Adierazpenak ere egingo dituzte manifestazioa abiatzerakoan.