Bildarratzen azken iragarpenek agerian utzi dute sistema betikotzeko asmoa: hezkuntza-sareen banaketa, curriculum propiorik eza eta lan-baldintza eskasak

2022/06/23
Gobernu Kontseiluak atzo onartu zituen itunpeko ikastetxeetako ituntze-irizpide berriak datozen 6 ikasturteetarako, komunikabideek hedatu dutenen bezala. Hezkuntza Sailak ez du ezer partekatu edo negoziatu ELArekin. Oso larria da Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzako langileen ordezkaritza negoziaziotik kanpo uztea, eta patronalekin bakarrik negoziatzea.

Horrez gain, azken asteotan komunikabideetan hezkuntza-sistemari eta bertako langileei eragiten dieten erabakiak, dekretuak, aginduak eta zirriborroak agertzen dira, hezkuntza-sistemaren funtsezko oinarrietako bat -langileak- kontuan hartu gabe. Hor daude, adibidez, plangintza-dekretuaren zirriborroa, itunpeko ikastetxeetan plantillak mantendu eta gaztetzeko agindua, hezkuntza-ituna garatzeko kronograma edo itunei buruzko irizpide berriak (azkena). Hezkuntza Sailak ez dio ezeren berri eman sindikatuen ordezkaritzari, eta ez dago negoziazio-fororik.

ELA oso kezkatuta dago sailak aurkeztutako Hezkuntza Itunari buruzko kronogramarekin: hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea sustatu eta bermatu nahi duela esaten da, baina badirudi sindikatuek parte hartzeko tokirik ez dagoela.

Bestalde, gero eta nabarmenagoa da Hezkuntza Itunaren atzean egungo sistema funtsezko elementuetan betikotzeko asmoa dagoela: sareen banaketa, curriculum propiorik eza edo lan-baldintza eskasak.