Bizkaibuseko bost enpresetatik hiruk sistemaz eta lege-iruzurrean aldi baterako langileekin osatzen dituzte egiturazko postuak

2021/11/08
ELAk salatu du hau Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin gertatzen dela, ez baitu ezer egiten egoera zuzentzeko. Lan ikuskaritzak arrazoia eman dio ELAri: Bizkaibuseko bost enpresetatik hiruk sistemaz eta lege-iruzurrean aldi baterako langileekin osatzen dituzte egiturazko postuak

Lan Ikuskaritzak galdegin die Bizkaibus-Ezkerraldeko zerbitzua ematen duten bost enpresetako hiruri (Meatzaldea Bus, Grupo Avanza eta Grupo Acha Movilidad) aldi baterako 50 kontratu finko bihurtzeko, langile hauek egiturazko postuetan, eta beraz, langile finkoekin osatu beharrekoetan, ari baitziren lanean.

ELAk aspaldidanik salatu izan du zerbitzu publiko hau eskaintzen duten enpresek aldi baterako kontratuak sistemaz, abusuz eta iruzur eginez baliatzen dituztela egiturazko lanpostuetarako, eta hau Bizkaiko Aldundiaren Garraio Departamentuaren babesarekin egiten dutela.

Azken urtean ELAk bilerak izan ditu Aldundiko arduradunekin, baita Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politikoekin ere, kontratuetan gertatzen den iruzurra salatzeko. Jokabide horren ondorioz, enpresa horiek Bizkaiko zergadun guztion diruz kalteordainak eman behar dizkiete langileei, legea urratu dutelako.

ELAk galdatzen die enpresei legea bete dezatela, egiturazko lanpostuak langile finkoekin osatzeko, lanaldi osoko kontratuz, gainerako langileen baldintza berberekin. Eta Foru Aldundiari eskatu dio berma dezala hau beteko dela; ez bada hala, legez kanpoko egoera honen arduradun izango da, enpresa horien neurri berean edo areago. ELAren iritziz onartezina da diru publikoa baliatuz zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresek legea sistemaz urratzea eta administrazioek hori zuzentzeko ezer ez egitea.