Bizkaiko autoeskoletan deitutako bigarren greba egunak ere jarraipen oso zabala izan du

2021/06/10
ELA eta CCOOk deituta, bigarren greba eguna egin dute Bizkaiko autoeskoletan. Babes zabala izan du goizean egindako auto karabanak eta eguerdiko manifestazioak. Patronalak ez badie aldarrikapen nagusiei erantzuten, Bizkaiko autoeskoletako langileek mobilizazioekin jarraituko dute.

Bizkaiko autoeskoletako bigarren greba egunak ere jarraipen zabala izan du, ekainaren 8an gauzatutako lehen egunaren parekoa. Greba egun honetarako antolatu ditugun goizean goizeko auto karabanetan eta Bilboko kaleetatik gauzatu den manifestazio jendetsuek argi utzi dute sektoreko langileen aldarrikapenekiko eta mobilizazioarekiko babesa.

Langile hauek 11 urte daramatzate Lan Hitzarmena berritu gabe; sektoreko langileen soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak orohar erabat prekarioak eta kasu askotan irregularrak dira. Gainera, genero arrakala garrantzitsua dago feminizatuenak diren administrazio lanpostuei dagokionez.

Sektorea duintzeko, profesionalizatzeko eta sektorearen aldeko benetako apustua egiteko, ezinbestean erregularizatu eta duindu behar dira gero eta prekarioagoak diren lan- eta soldata-baldintzak. Horregatik, sektoreko langileen kolektiboak aurrerapenak eskatzen ditu, batez ere honako alderdi hauetan:

  • Soldaten erregularizaziorako eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taulak ezartzea. Ia autoeskola guztiek, irakasleen kasuan, hitzarmenaren araberako soldata ofizialak modu irregularrean ordaintzen diren kopuruekin konbinatzen dituzte. Eta irakasle ez diren langileak, batez ere administrazioko langileak eta nagusiki emakumeak, urtean 1.000 euro gordinera ozta-ozta iristen dira.
  • Lanaldia murriztea irakasle ez diren kolektiboentzat, generoen arteko aldea murrizteko. Urrats garrantzitsuak irakasleekin parekatzeko, asteko 35 orduei begira.
  • Ordutegiak arrazionalizatzea, hauek gaueko 21: 00etatik aurrera luzatu daitezke sektore honetan, egunero 11 ordura arteko lanaldiekin eta larunbatetan lan egitea barne.
  • Erretiro partziala bezalako neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetuko dutenak.

Tamalez, 2020ko urrian, sindikatuek eskatuta Bizkaiko autoeskolen negoziazio-mahaia ireki zenetik, 8 hilabete luze eta 9 mahai negoziatzaile zein 2 greba egun ondoren, funtsezkoak diren gai hauek ez dute tajuzko erantzunik izan APAVIk (Bizkaiko Autoeskolen Elkarte Probintziala) ordezkatzen dituen enpresarien aldetik.

Gaurko greba egun arrakastatsuaren bidez enpresa alderdiari eduki hauei erantzungo dioten proposamen eta planteamenduak mahai gainean jartzeko exijitzen diogu; hau horrela izan ezean mobilizazio eta greba dinamikarekin jarraitu beste biderik ez baitigute utziko.