Bizkaiko erresidentziek martxa bat egingo dute Bizkaia osoan zehar LARES eta ELBE patronalen borondate ezaren aurrean

2017/10/13
Bizkaiko zahar-etxeetako langileek urriaren 17an hasi eta 21ean bukatuko den martxa bat abiatuko dute Bizkaia osoan zehar euren gatazkaren konponbidea eskatzeko. Izan ere, langileek salatu bezala, LARES eta ELBE patronalek ez dute gatazka konpontzeko borondaterik agertu. Esan bezala, urriaren 17an hasiko da martxa, eta Bizkaia osoan zehar ibili eta gero, azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaituko da larunbatean, urriaren 21ean.

Oinezko martxa horren bidez, jendaurrean bistaratu nahi dute 350 greba-egun eginak dituztenean, orain dela hamar egun GESCA patronal nagusiarekin aurre-akordio bat lortu zutela, baina sektoreko gainerako bi patronalek (LARES eta ELBE) ez dutela agertu orain arte batere gogorik eraginkortasun orokorreko hitzarmena sinatzeko, ezta gatazka sozio-laborala amaitutzat jotzeko ere. Greban dauden langileen iritziz, patronal horien jarrera oso larria da; batez ere kontuan hartuta BFAk, akordioa erraztearren, kontzertazio-orri berriak bertan behera utziko dituela iragarri duenean.

Bizkaiko zahar-egoitzetako langileen esanetan onartezina eta oso larria da patronal horien jokabidea, bereziki LARESena. Izan ere, patronal hori, ustez, “irabazi asmorik gabekoa” da, eta elkarturik dituen zentro nagusiak zahar-egoitzak dira, non Bizkaiko Foru Aldundiaren itunpeko oheak okupaturiko oheen %80 eta %100 bitartean dauden.

LARES patronalak zahar-egoitza handiak ditu Bizkaia osoan, besteak beste, Portugaleteko Aspaldiko Fundazioa, Bilboko Erruki Etxea, Barakaldoko Miranda Fundazioa, Bilboko eta Durangoko Aita Menni egoitzak eta Bilboko Conde Aresti ospetsua. Okupazio beteko zentro horietan urteko etekinak milioi eurotik gorakoak izaten dira zenbaitetan. Egoitzetako langileek salatzen dute, halaber, egoitza horietako askotan zuzendaritza-batzetan alkateak edo Gizarte Ekintzako diputatua bera ere aritzen direla kide, Erruki Etxeko egoitzan kasu.

Horren aurrean langileek zera galdetzen dute: Bizkaiko Foru Aldundiak jarraituko du oheak ituntzen egoitza horiekin, gatazka sozio-laboral horrekin behingoz amaitzeko akordiorik egiteko batere asmorik ez badute ere? Bizkaiko Foru Aldundiak ez du neurririk hartuko egoera ito-puntutik ateratzeko?

Bitartean, Bizkaiko egoitzetako langileak berriro aterako dira kalera, eta oraingo honetan oinezko martxa bat egingo dute gatazka denen aurrean berriro jartzeko, eta toki-erakundeei eta akordioa galarazten duten patronalei artez dei egiteko.

Oinezko martxak bost etapa izango ditu. Urriaren 17an, asteartea, hasi eta urriaren 21ean, larunbata, amaituko da. Lehenengo etapa Bilboko Erruki Etxetik abiatuko da, eta Gurutzetan bukatu. Bigarren etapa ezkerraldetik joango da, Barakaldotik Portugaletera. Hirugarren etapa eskuinaldetik, Zubi Eskegitik Leioara. Laugarren etapa Zornotzatik Durangora. Eta azken etapa Basauritik Bilboko foru jauregiraino.

Bizkaiko erresidentzietako langileek dei egiten diete Bizkaiko herritarrei martxa horretan eurekin bat egiteko, eta sektore-hitzarmen bat lortzen laguntzeko. Gure eskariak hauexek: 35 ordu astean, pertsonal gehiago, arreta-kalitatea hobetzea, 1.200 euroko soldatak, eta aldi baterako ezintasunen estaldura eta plusak hobetzea.