Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuko patronalen proposamenak langileak pobretuko lituzke

ELAk urte hauetan galdutako erosteko ahalmenaren %11,20 berreskuratzearen garrantzia berretsi du, baita datozen urteetan KPIaren erreferentzia mantentzearen garrantzia ere. ELAk, aldarrikapen horri eusten dion sindikatu bakarrak, deitoratu egin du sindikatu batzuek galdutzat eman izana, eta uste du funtsezkoa dela langileek bizitzaren garestitasunaren araberako igoerak bermatuta izan ditzaten. Gogorarazi duenez, galdutako erosteko ahalmenaren %11,20 aplikatuz gero, 2022ko oinarrizko soldata (gaur egun 24.121 €) 26.274,66 €-koa izango litzateke, CCOOk eta UGTk aurkeztutako aldarrikapenak baino handiagoa.
ELAren ustez, sindikatu batzuen jarrera, KPIaren erreferentzia kenduta eta borroka-urte horiek galdutzat emanda, ez dator bat 2020an sektoreko hitzarmena berritzeko 53 greba egun egin zituzten langileen interesekin; izan ere, horien negoziazioa eten egin zen pandemiarekin, eta ELAk aurten suspertzea lortu zuen.
ELAk azpimarratu du patronalek proposamen serioak ekartzeko beharrezkoa dela mobilizazioak aktibatzea sektoreko langileak borrokan jarraitzeko prest dauden lekuetan.